XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Ikasturte berriko Eskola kirolaren eskaintza kalean

Udal Kirol Zerbitzuak 1997-98 denboraldirako eskola kirolaren eskaintza atera du.

Bertan herriko eskoletan matrikulaturik dauden haurrek parte hartu ahal izango dute eta adinaren arabera hainbat kirol mota egiteko aukera izango dute.

1990-91n jaiotako haurrek multikirola, aurrekirola eta kiroletarako prestakuntza egiteko aukera izango dute.

1986tik 1989ra bitartean jaiotako haurrek, berriz, eskubaloia, futbola, saskibaloia, atletismoa, badmintona, pilota, xakea edo beste kirolen bat egiteko aukera izango dute.

Izan ere, adin hauetan haurrek kirol guztiak egin beharko dituzte eta urteko kuota 3.000 PTAkoa da.

1984-85ean jaiotakoek aurrekoen kirol aukera berbera dute.

Halere, kirol bat edo bi aukeratu ahal izango dituzte.

Futbola aukeratuz gero, derrigorrez bigarren kirol bat aukeratu beharko da.

Era berean, bi kirol aukeratzekotan, bat banakoa eta bestea taldekakoa izan beharko da.

Urteko kuota, 3.000 pezetakoa da tenisekoa izan ezik, kirol hori egiteagatik hilero 3.000 pezeta ordaindu beharko baitira.

1980tik 1983ra bitartean jaiotakoek, areto futbola egiteko aukera izango dute.

Eskola kirola kanpainan Udal Kirol Zerbitzuaz gain, Zaleak atletismo taldeak, Bergara Igeri Elkarteak, BKEk, Xake taldeak, Badminton taldeak, Lokatzak, Beti Bustik eta Ariznoa gimnasia erritmiko taldeak ere parte hartzen dute.

Ordutegiei edo beste edozer gauzari buruzko informazioa Udal Kirol Zerbitzuan edo ikastetxeetan bertan jaso daiteke.